LABAYRU HIZTEGIA eta LABAYRU HIZTEGI FRASEOLOGIKOA dozuez gure lexikografia egitasmorik sendoenak.
Labayru Fundazioak ibilbide luzea egin dau hiztegigintza arloan. Gure hizkuntzaren lexikoa zehe-zehe garanduta dauka Fundazioaren Hizkuntza arloko lexikografia taldeak: berbak eurak baina baita horreen aldagaiak be, esangura guztiak eta euron kontestuak, adibideak, zehaztapen estilistiko nahi gramatikalak, sinonimoak, etab.
LABAYRU HIZTEGIA hiztegi elebiduna (euskera-gaztelania eta gaztelania-euskera) eta arauemoilea da, mendebaldeko euskerearen lexikorik handiena berorrek aztertu eta finkatu dauelako. Bizkaiera estandarra deritxaguna atonduaz gainera, euskera batuagazko lokarriak ugariagoak eta estuagoak izan daitezan ahaleginak be egin ditu egitasmo horrek. Halan ba, herri-euskerea ardura bereziaz batu dau eta idatzizko iturririk esanguratsuenak orraztu ditu.
LABAYRU HIZTEGI FRASEOLOGIAKOAn euskerearen ezaugarririk berezkoenetariko bat aztertu dogu: hizkuntza irudiena. Berez, erabiliaren porasuz, hiztunok eratzen doguzan berba-kate edo unidade fraseologikoak esangura berezia hartzen dabe; berba-kate horreen ostean, hizkuntza bakotxak berezkoa dauen iruditegia dago. Gure hiztegi honetan, gaztelaniazko unidade fraseologikorik garrantzitsuenak abiapuntutzat hartuta, euskerazko berba-kate baliokideak landu doguz, hizkuntzaren barru-barruko izate- eta ulertze-moduen erakusgarriak, hatan be.
Euskera zehatza, bizia eta ugaria behar dauenak, bizkaieraz nahi batuaz jardun gura izan, gure hiztegiok ditu erazkoenak. Sartu eta gozatu zaitez eurotan.